Hogeita hamar urte elkartasunaren eta bidezko merkataritzaren historia eraikitzen Sestaon · ensestao.com
Kidendako egungo taldea, bere azoketako batean
ensestao.com

Hogeita hamar urte elkartasunaren eta bidezko merkataritzaren historia eraikitzen Sestaon

Kidenda elkarteak, Caritaseko boluntariotzatik sortua, azokak eta sentsibilizazio jarduerak antolatzen ditu kontsumo arduratsua eta pertsonen eskubideak errespetatzen dituena sustatzeko

· ensestao.com

Duela hiru hamarkada, Caritasi lotutako boluntario talde txiki batek bidezko merkataritzako ekimen bat jarri zuen abian Sestaon. Parrokietatik eta kristau alkartetik bultzatutako jarduera apal lez hasi zan honek, gaur egun arte irautea lortu dau, bertako kide izan diranen ahalegin, dedikazio eta konpromisoari esker.

30 urte geroago, bidezko merkataritzak presente jarraitzen du udalerriko bizitzan, produktuen salmentatik askoz haratago doan lanarekin, eta boluntariotzan du motor nagusia.

Caritasen eskutik eman ziren lehen urratsak, bidezko merkataritza apenas aipatzen zen zerbait zenean. Boluntarioek salmenta txikiak antolatzen zituzten eta kafea, txokolatea edo artisautza bezalako produktuak hurbiltzen zizkieten bizilagunei, topaketa horien jatorria eta egiten zituztenen baldintzak azaltzeko.

Denborarekin, esperientzia hori hazten joan zen. 2002an, Kidenda Elkartea eratu zen formalki, Bizkaiko Caritasek eta Elizbarrutiko Misioek bultzatuta, eta, ondoren, Alboan sartu zen elkarte horretan. Elkarteak aukera eman zuen Bizkaian hainbat boluntariotza-talde egiten ari ziren lana antolatu eta jarraipena emateko. Sestaok sare horretako kide izaten jarraitu du, herritarrengandik hurbil dagoen jarduera bati eutsiz eta Caritasen gizarte-lanarekin estuki lotuta.

Bizilagunekin harremanetan jartzea

Ekimen honek Sestaon duen funtzionamendua boluntarioei esker mantentzen da batez ere. Haiek arduratzen dira azokak antolatzeaz, produktuak prestatu eta garraiatzeaz, postuak muntatzeaz, jendeari arreta emateaz eta sentsibilizazio jarduerak garatzeaz.

Azoka bakoitzaren atzean beti ikusten ez diren baina proiektuak jarraitzeko ezinbestekoak diren lanordu asko daude.

Gainera, topaketa horiek aukera ematen dute bizilagunekin hitz egiteko kontsumo modu bati buruz, zeinak lan eskubideak errespetatzea, ekoizten dutenei ordainsari duina eskaintzea eta merkataritza harreman bidezkoagoak ezartzea bilatzen duen.

  • Sestaok bat egiten du ontzien eta paper-kartoiaren hondakinak kudeatzeko hitzarmen berriarekin

Bere produktuak munduko hainbat lekutatik datozen arren, Kidendaren lanak Sestaon bereziki tokiko dimentsioa hartzen du: topaguneak sortzen ditu, parte hartzea sustatzen du eta ekimen solidarioa bizirik mantentzen du udalerrian.

2026-2027 ikasturtean, bidezko merkataritzako zortzi azoka eta sentsibilizazio hitzaldi bat edo bi daude aurreikusita udalerrian. Jarduera horiek aukera emango dute proiektua herritarrengana hurbiltzen jarraitzeko eta hiru hamarkadatan egindako lanari jarraipena emateko.

Urteurren hori ospatzeak, batez ere, ekimenari bere denboraren zati bat eskaini dioten pertsona guztiak aintzatestea dakar elkartearentzat, 1996an hasi zirenetik gaur egun laguntzen dutenetaraino. Izan ere, historia honek zerbait frogatzen badu, elkartasuna ere egunerokotasunetik eraikitzen da, keinu txikiekin eta bere herriarekin konprometitutako pertsonekin. Hogeita hamar urte geroago, Sestaok horren adibide izaten jarraitzen du.

// Harremanetarako

Idatzi iezaguzu

Iradokizunen bat, albiste bat edo publizitate-kontsulta bat baduzu, bete formularioa eta lehenbailehen jarriko gara zurekin harremanetan.