
Hiri berdeago baterantz aurrera egiteko hiru plan prestatuko ditu Barakaldok
Biodibertsitatea indartu eta ingurumenaren kalitatea eta herritarren ongizatea hobetuko dituzten hiru dokumentu izango dira
Barakaldoko Udalak Azpiegitura Berdearen eta Biodibertsitatearen Plana, Hiri Zuhaitzen Plan Zuzentzailea eta Castaños-Galindo ibai-ingurunearen Naturalizazio Integralerako Plana egiteko lanak hasi ditu. Lehenengo urratsa parkeak, naturguneak eta korridore ekologikoak lotuko dituen estrategia integral bat abian jartzea da, biodibertsitatea indartuz eta ingurumenaren kalitatea eta herritarren ongizatea hobetuz.
Alba Delgado Garapen Iraunkorraren eta Natura Ingurunearen arloko zinegotziak azaldu duenez, “dokumentu horiek ibilbide-orri komun bat ezarriko dute udalerriko natura-ondarea babesteko eta hobetzeko eta ingurumena lehengoratzeko etorkizuneko jarduerak bideratzeko”.
Proiektua ‘Uraren Hiria 'hiri-estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horrek ura lurraldearen elementu egituratzaile gisa eta hiri-eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko ardatz gisa kokatzen du. Barakaldok kokapen pribilegiatua du, hiru ibai-ibilgu handik inguratuta (Castaños-Galindo ibaia, Nervión-Ibaizabal itsasadarra eta Cadagua ibaia), azpiegitura berde eta urdineko sare naturala osatzen dutenak. Estrategiaren helburua da korridore ekologiko horien eta hiriko eta hiri inguruko berdeguneen arteko lotura indartzea, biodibertsitatea, konektibitate ekologikoa eta klima aldaketaren aurreko erresilientzia bultzatuz.
- Julene Arebiotorre: “Patinaje artistikoan ere lan handia dago pistatik kanpo”
Delgadok nabarmendu duenez, “proiektuaren ardatz nagusietako bat Castaños-Galindo ibai-ingurunea izango da, eta horri esker, udalerriko ardatz ekologiko nagusietako bat indartzeko jarduketak definitu ahal izango dira”. Era berean, jarraitu du, “18.000 zuhaitz ingururen inbentarioa egingo da, Barakaldoko zuhaitz-ondarea xehetasunez aztertzeko eta hura kontserbatzeko eta kudeatzeko irizpideak ezartzeko. Gainera, udalerriko berdeguneak aztertuko dira, biodibertsitatea eta hiri espazioa hobetuko dituzten aukerak identifikatzeko ”.
Zinegotziak adierazi duenez, “hiru plan horiek aldi berean egiteak aukera emango du lehen aldiz Barakaldoko sistema berde eta urdinaren ikuspegi integratua izateko, hiri zuhaiztien, berdeguneen eta ibai ingurunearen kudeaketa koordinatua erraztuz”.
Estrategiak arreta berezia eskainiko dio klima aldaketara egokitzeari, beroak hiri ingurunean dituen ondorioak murrizteari, lurzoruaren iragazkortasuna hobetzeari eta naturan oinarritutako irtenbideak txertatzeari.
Haren ustez, “helburua da hiri berdeago, osasungarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiten jarraitzea, klima aldaketara egokitzeko eta natura lehengoratzeko Europako estrategia nagusiekin lerrokatuta”.
Herritarren parte-hartze prozesua
Proiektuak, halaber, herritarrei, elkarteei eta tokiko eragileei irekitako parte-hartze prozesu bat izango du, proposamenak jasotzeko eta udalerriko berdeguneen etorkizunari buruzko ikuspegi komun bat eraikitzeko.
Datozen hilabeteetan hainbat informazio- eta partaidetza-kanal jarriko dira herritarren eta interesa duten kolektiboen inplikazioa errazteko.
Ekimen horrekin, Alba Delgadok ondorioztatu duenez, “Barakaldok indartu egiten du natura hiri-plangintzan integratzeko eta Barakaldoko bizi-kalitatea, ekologia eta paisaia hobetzeko funtsezko zeregina izango duen hiri-eredu baterantz aurrera egiteko apustua”.

