
Barakaldok Fabriken arteko errepidearen urbanizazioaren aurrekontua berrikusiko du
Lutxanako espazio historiko hori berreskuratzeko proiektuaren lehen lizitazioa hutsik geratu da
Barakaldoko Udalak Lutxana auzoko lantegien arteko errepide zaharra urbanizatzeko proiektuaren aurrekontua berrikusten hasi da, obren lizitazioa hutsik geratu ondoren. Ildo horretan, kontratuaren prezioa berrikusteko eskatu zaio enpresa bati, egungo errealitate ekonomikora egokitzeko eta lanak egin nahi dituzten enpresentzat jarduera erakargarria izan dadin lortzeko.
Berrikuspen horri esker, aurreikusitako aurrekontua merkatuaren egungo prezioetara egokitzen den aztertu ahal izango da, eskaintzak aurkeztea erraztuko duten eta Barakaldoko eremu historiko hori berreskuratzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko duten baldintza ekonomikoak ezartzeko.
Fabriken arteko proiektuak 8,5 milioi euroko hasierako inbertsioa aurreikusten du, Biz-kaiako Foru Aldundiak (6 milioi) eta Barakaldoko Udalak (2,5 milioi) batera finantzatuta. Jarduera bi erakundeek eremu horren eraldaketa integrala bultzatzeko sinatutako lankidetza-akordioaren barruan kokatzen da.
- Barakaldoko Poliziak belozimetroa jarri du patineteak kontrolatzeko
Hala, bi noranzkoko galtzada duen errepidea berritzea, biribilgune berri bat eraikitzea, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sarbideak hobetzea eta aparkaleku berria egitea aurreikusten da. Horrez gain, kilometro bat inguruko bidegorria egingo da, igogailua eta eskailerak jarriko dira Serralta eta Gurutzeta arteko lotura hobetzeko, argiteria eta zerbitzuak berrituko dira, eta berdegune eta zuhaizti berriak jarriko dira.
Helburua da Barakaldoko hainbat punturen arteko hiri lotura hobetzea, A-8 autobidetik udalerrirako irisgarritasuna indartzea eta itsasadarrerako eta BECen ingururako joan-etorriak erraztea, bide segurtasuna eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzeaz gain.

