
Barakaldo, edadismoaren aurkako hiri aitzindari gisa aitortua
Nazioarteko ordezkariek zuzenean ezagutu zituzten ‘Barakaldo Lagunkoia’k garatutako ekimenak
Barakaldok aitorpen bat jaso du edadismoaren inguruan egindako lanagatik. Adinekoentzako Hiri Lagunkoien Nazioarteko Foroan parte hartzen ari ziren nazioarteko hirietako, erakundeetako eta elkarteetako ordezkariek hiria bisitatu zuten joan den ostiralean. Hitzordu hori nazioarteko topaketak antolatutako jardueren barruan kokatu zen, eta helburu zuen zahartze aktiboaren, gizarte-partaidetzaren eta edadismoaren aurkako borrokaren arloko esperientzia berritzaileak eta jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutzea.
Barakaldoren hautaketa hiriak lortutako aitorpenari dagokio, ‘Barakaldo Lagunkoia’ren bidez garatutako lanari esker. Proiektu hori Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako Hiri Lagunkoien Sarean integratutako udal-proiektua da.
- Lanak hasi dira ‘Urban Bizi Lab’ garatzeko Pormetxeta plazan
Azken urteotan, Barakaldo erreferente bihurtu da arlo honetan, adinekoen zuzeneko parte-hartzean oinarritutako metodologia bati esker. Adinekoek aktiboki laguntzen dute beharrak detektatzen eta hobekuntzak proposatzen, hiria ingurune irisgarriagoa, inklusiboagoa eta atseginagoa izan dadin.
‘Nire adinak ez nau definitzen’
Foroan parte hartu zutenen artean interes handiena piztu zuen proiektuetako bat ‘Nire adinak ez nau definitzen’ kanpaina izan zen. Edadismoari aurre egiteko bultzatutako ekimena da, benetako testigantzen eta belaunaldien arteko ekintzen bidez zahartzearen irudi positiboa sustatzen duena.
Amaia del Campo alkateak harreran nabarmendu zuen: “Aitorpen hau gure hiriko adinekoena da, ‘Barakaldo Lagunkoia’n aktiboki parte hartzen dutenena eta udalerri gizatiarragoa, inklusiboagoa eta irisgarriagoa eraikitzen laguntzen dutenena”. “Edadismoari aurre egitea erantzukizun kolektiboa da. Hiriek espazioak sortzeko betebeharra dugu, non pertsona guztiek, adina edozein dela ere, beren bizi-proiektua baldintza berdinetan garatu ahal izango duten”, adierazi zuen.
- Barakaldok Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzen du prestazio berriekin
Jardunaldian zehar, nazioarteko ordezkaritzak Udalak ‘Barakaldo Lagunkoia’ko boluntarioekin elkarlanean bultzatutako hainbat ekimen ezagutu zituen, bai eta gizarte-partaidetza, belaunaldien arteko harremanak eta adinekoen autonomia sustatzeko garatutako ekintzak ere.
“Bisita honek Barakaldoren posizioa sendotzen du zahartze aktiboko politikak garatzen dituzten hiri erreferenteetako bat bezala, eta bere papera indartzen du adin guztietarako ingurune lagunkoiak eraikitzeko konpromisoa duten udalerrien nazioarteko sarean”, amaitu zuen alkateak.

